BERRIA EGUNKARIA.
Birramonak etxetik kanpo egin behar izan zuen lan alargundu zenean, bi alaba txikiak monjek zaindu zituzten. Amonak nire ama eta beste sei haur zaindu zituen. Amak ahizpa eta biok zaindu gintuen. Nik nire hiru semeak zaintzen ditut. Amonak birramona zaindu zuen adinak ezindu zuenean. Amona emakume arrazializatu batek zaindu zuen hil artean. Oraindik ez dut erabaki nork zainduko dituen nire gurasoak zahartzaroan. Ez dakit nork zainduko nauen ni. Jakin nahiko nuke nork zainduko dituen nire semeak ni falta naizenean. Ez dakit bateragarria den feminista izan eta semeen zaintza nire gain hartu nahi izatea.
Ez dakit bateragarria den feminista izan eta etxeko garbitzailea izatea. Feminista izan eta gurasoen zaintza emakume arrazializatu baten esku uztea. Feminista izan eta auzoko emakume arrazializatuen aurpegiak lanbro homogeneo batean nahastea. Ez jakitea nola deitzen diren. Ez jakitea nondik etorri diren. Ez jakitea nora joan nahi duten. Jakin nahiko nuke beste era bateko harremanak izaten arrazaz menpeko baina hizkuntzaz menderatzaile diren horiekin.
Feminismoak pentsatzen laguntzen dit, ulertzen, gertatzen zaigunetik asko patriarkatua deitzen diogun desberdintasun estrukturaleko sistemaren irakurketaren bitartez egin daitekeela. Feminismoak hazten laguntzen dit, nahiz eta batzuetan deserosoa ere baden, neure buruaren berrikusketa eskatzen didalako, neure arrazismoarena, pribilegioena.

Gaur zortzi azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin egingo dut bat, feminismoa pentsatzen, gorpuzten eta ibiltzen jarraitu nahi dudalako. Ikusten duzue? Etorriko dugun zaintza sistema publiko-komunitarioak kolore morea du.
