Liburu bat esku artean, bi emakumeren aldizkako adiskidetasun baten istorioa. Twyla eta Roberta. Hasieratik dakizu bata beltza dela eta bestea zuria, baina ez da inongo momentutan zehazten nor den nor; interpretazioaren atea erabat zabalik dago. Berehala ohartzen zara zure estereotipo eta espektatibekin jolasten duela idazleak, trebeziaz aurpegiratzen dizu arraza testuinguruaren eta begiradaren araberako eraikuntza soziala dela. Bataren amak gaua dantzan pasatzen duela irakurtzen duzu eta ondorioztatzen duzu seguruenik hura izango dela beltza; berehala, ordea, bestearen familia pobreagoa dela jakiten duzu eta etiketak trukatzen dituzu.

Emakume idazle afro-amerikarren antologia batean argitaratu zen, 1983. urtean, Toni Morrison Nobel saridunaren ipuin bakarra: Recitatif. Errezitatiboa, opera eta antzerako musika-lanetan erabiltzen den konposizio forma bat da, musikarekin lagundutako hitzaldi melodiko moduko bat. Egitura horretan oinarrituta, Estatu Batuetako gizartean arraza eta klase kategoriak zalantzan jartzen dituen narrazio bat sortu zuen, esperimentu bat, autoreak berak geroago definituko zuen moduan: arraza-identitatea funtsezko duten arraza ezberdineko bi pertsonaiari buruzko narrazio batetik, arraza-kode oro ezabatu nahi duen esperimentua. Morrisonek arraza bihurtzen du kontakizunaren ardatz, hain zuzen ere, arrazari itzuri eginez.
«Nor da beltza?», eta, ondoren: «Zer axola dit horrek?». Azken horri heldu eta irakurtzen jarraitzeko agintzen diozu zeure buruari, baina berehala itzultzen da saihestu nahian zabiltzan galdera: «Twyla edo Roberta?». Madarikatzen duzu Morrison, zuk europar feminista zuri horrek, arrazismoa gainditutako ikasgaitzat zeneukan horrek, ispilu aurrean jarri dizulako burua etiketaz eta markaz eta kolorez josia duzula oraindik ere; bere erruz sentitzen duzulako halako nahi kontrolaezin bat bi emakumeetatik zuria nor den jakitekoa. Baina, bereziki, beltza nor den jakitekoa.
