BERRIA EGUNKARIA.
Negarrez berriz ere. Goizean egin du bere saioa, orain eguerdian bigarrena eta gauean egingo du beste bat. Atzo egin zuen moduan. Eta herenegun. Duela bi hilabete ondoko etxera aldatu zirenetik, ia egunero egiten du negar hirutan bizilagun berrien haurtxoak. Negar astuna, frustrazioz betea. Lanean jarraitzeko agindu diot neure buruari, total, ezin dut ezer egin. Ordenagailuan jarri nahi izan dut arreta berriz ere, baina ezin dut; atentzio eske oihu egiten duen lantua da.

Negarra entzun nuen lehen aldian, ez nion kasurik egin. Bigarrengo egunean ere, ez zidan arreta berezirik eman. Hirugarrengoan eta laugarrengoan, gaixo egongo zela pentsatu nuen eta umeaz errukitu nintzen, eta pixka bat amaz. Hurrengo bi egunetan, kasketa fasean egongo zela otu zitzaidan eta amaz errukitu nintzen, eta pixka bat umeaz. Zazpigarrengoan, patioko leihotik euren sukaldera begiratu nuen: haur-aulki altu batetik ari zen umea negar-zotinka, han eserita eta lotuta zegoen amak kozinatu bitartean, eta berdin jarraitu zuen amak bazkaldu bitartean.
Negarrez jarraitzen du eta leihora jaiki naiz gaur ere: ama mahaian eserita dago plateretik zerbait jaten, umea haur-aulkian hipaka egongo ez balitz bezala. Zerbait esan beharko niokeela diost barruak, baina nor naiz ni emakume horri ezer esateko. Erreparo bera emango zidan egunero negarrez entzuten dudana mendekotasuna duen pertsona bat izango balitz? Emakumezko bat balitz? Baina nor naiz ni inori esateko bere umeari kalte egiten diola, nor ezer jakin gabe inoren bizitzan sartzeko.
Agian, haurrak pertsona osotzat bagenitu, argiago izango genuke non hasten diren haien eskubideak eta non amaitzen gurasoen heziketa hautuak. Amak isiltzeko esan dio modu goxoan. Umeak negarrez jarraitu du. Amak bazkaltzen. Nik zakurra hartu dut eta kalera atera naiz. Itzultzen naizenerako isilik egongo da dena berriz.
