BERRIA EGUNKARIA.
Supermerkatuko korridore oso bat. Sei apal alderik alde. Goi-behe, ezker-eskuin, kolore guztietako potoak. Begi parean geratzen zaizkionetara gerturatu da, leporainoko adatsa laztandu, eta bat hartu du. Potoak dioena irakurri bitartean, ilea haztatu du. Hura utzi eta beste bat hartu du. Tira egin dio apur bat ile-xerlo bati eta hatzen artean kiribildu du azkenik.

Konpontzailea, indarra eta distira, hidratazio bizia, hialuronikoa, total repair, konpondu eta babestu, hidrakizkurrak edo kizkur definituak. Xanpua soilik dioenik ez du atzematen. Ile koipetsuarentzako dago bat, sustrai koipetsuentzako beste bat eta baita ile-larru koipetsuetarako beste bat ere. Zalantza egin du bere ilea halako bat erabiltzeko bezain koipetsua ote den. Halere, gehiegizko koipea non duen badakienik bada?
Errazagoa zen larru-arras mozten zuenean, seme-alaben edozein xanpu nahikoa eta sobera zitzaionean. Urte askoren ondoren luzatzen utziko zuela erabaki zuenean, apenas mantentze-lanik behar duten orrazkera magiko horietako batekin irudikatu zuen bere burua. Magiarik ez bizitza errealean. Emakumezkoak ez daude nazka-nazka eginda ilea garbitu eta lehortzeaz?, galdetzen du Nora Ephronek I feel bad about my neck liburuan.
Leun eta lisoa, edo leun eta zeta-antzekoa, edo lisoa eta zeta-antzekoa; egokiena horietako bat. Zetazko ilearen irudiak liluratuta, horixe eskaintzen duena hartzera joan da; baina ezkerrean sulfatorik gabeko bat interesgarria egin zaio eta eskuinean ile luze kalteturako beste bat ikusi ditu. Azken hau hartuta, handik dabilen supermerkatuko langile bati galdetu dio ea hori erabilita zeta-antzekoa geratuko zaion. Baietz erantzun dio hark, baina, ziurtatzeko, leungarri bat erabili beharko lukeela; «hor atzean dituzu».
Buelta eman du. Supermerkatuko korridore oso bat. Sei apal alderik alde. Goi-behe, ezker-eskuin, kolore guztietako potoak. Eskuetan duen xanpua bere lekuan utzi eta ile-apaindegiko zenbakia bilatu du mugikorrean.

