EDO ‘RAUL GUERRA GARRIDO’ BEKA EMATE EKITALDIAN ESANDAKOAK
Sorkuntza mundu konplexua da, lana eta salmenta batzen ditu, artea eta ekonomia, inmateriala eta industria, sortzailea eta teknikaria, mitoa eta errealitatea. Sorkuntzatik bizitzea ozeanoa belauntzi txiki batean zeharkatzea bezalakoa izan daiteke, ur gainean zaude eta nabigatzen, ustez salbu eta bizirauten, baina ezin duzu burutik kendu zu ondoratzeko bezainbeste indar izango duen ekaitzaren mamua; ez dakizu noiz eta nondik etorriko den ekaitza, baina iragarpenek beti diote gertu daukazula. Sorkuntza lana euskaraz egiten baduzu, gainera, zure belauntziko bela bakarra arrailduta dagoela asumitu beharko duzu; ekaitz baten aurrean bizirauteko zure aukerak nabarmen murrizten direla jakinda jarraitu beharko duzu nabigatzen. Eta honi guztiari gaineratu behar badiozu emakumezkoa zarela, tira, seguraski ez zait nabaritzen, baina autonomoa naizenetik goizero-goizero bularretakoa jantzi ordez, salbamendu-txalekoa janzten dut kamisetaren azpitik.

Txikitatik maite izan dut idaztea eta irakurtzea; bereziki irakurtzea. Baina, bizitzak Ingeniaritza Mekanikoko Gradu bat jarri zidan diploma batean eta matematikako irakasle moduan eman ditut nire ibilbide profesionaleko urte gehienak. Lanbidea gustuko nuen arren, azken urteetan literatur sorkuntza geroz eta leku handiagoa hartzen joan zen nire egunerokotasunean. 2016az geroztik, irakurle izatetik idazle izatera igaro nintzenetik, kateatzen joan zitzaidan literatura gorputzera eta, ohartzerako, nire zainik txikienak ere sentitzen zuen haren beharra. Sorkuntzarik gabe ez naiz, literaturarik gabe ez naiz. Horregatik, duela urte eta erdi nire bizitza erabat aldatuko zuen erabaki bat hartu nuen: irakaskuntza uztea idazle profesionala izateko.
Eta hala ari naiz 2022ko irailetik hona, langile autonomo moduan nire kabuz lanean, idaztetik eta idazteko. Letretatik bizi naiz, baina zenbakiei begira. Zoriontsu, baina baldintza prekarioetan.
Ez naiz nire sorkuntza lanetatik bizi, eta ez dut bere liburuek emandako etekinetatik soilik bizi daitekeen inor ezagutzen. Idaztetik bizi naiz. Literaturatik. Idaztearekin edo literaturarekin harremana duten, eta diru apur bat emango didaten, enkargu eta lan txikiak kateatzen ditut bata bestearen atzetik; eta hauek egin ostean gelditzen zaidan denbora baliatzen dut nire sorkuntza propiorako. Alegia, hondar-denbora. Tarteka, sorkuntza-beka txikiren bat eman didate eta horri esker aukera izan dut pare bat hilabetez enkarguak eten eta nire proiekturen bati zentralitatea emateko; baina lan literario serio batek askoz dedikazio handiagoa eskatzen du.
Horregatik aurkeztu nuen nire proiektua beka honetara. Horregatik esaten dudanean diruarengatik esan nahi dut. 25.000 euro. Uste dut ez dagoela Euskal Herrian halako diru kopurua eskaintzen duen bekarik. Sariketak daude, baina horiek lana egin ondoren ematen dira, eta denok ulertu dezakegu ez dela gauza bera. Berehala egin nituen kontuak, hogeita bost mila zati hamabi. 2083,333 euro hilero. Bueno, ken autonomo kuota, ken gestoria gastuak, ken argia, Internet, telefonoa, … Tira, hobe kalkulu erreala ez egitea.

Beka honek urtebeterako soldata “duin” bat bermatuko dit eta, beraz, emango dit aukera urtebetez nire sorkuntza proiektu bati benetako lehentasuna emateko. Oso pozik nago aukera hau niri eman didatelako, baina halako gehiago behar dira: hor kanpoan kultura sortu nahian dabilen euskaldun mordoxka bat dago, baliabide faltagatik euren proiektua garatu ezinik dabilen artista asko, eta baldintza prekarioetan orekak egiten dabilen beste asko. Eta ez da posible. Euskarazko kultur sorkuntza beharrezkoa da eta instituzioen babesa ezinbestekoa.
Raul Guerra Garrido bekaren oinarriak irakurri nituenean, ikusi nuen gauzatu nahian nenbilen nire helduentzako bigarren narrazio liburuak bazuela lekua baldintza eta betebehar horien guztien artean.

2021ko udaberrian argitaratu nuen helduentzako nire lehen liburua, Epizentroa izeneko narrazio-bilduma. Liburuaren idazketarekin izugarri disfrutatu eta ikasi nuen, eta hori gutxi ez eta sekulako harrera ona egin zion irakurlegoak eta kritikak.
Epizentroa amaitu eta deskantsurako tarte baten ondoren, ohartu nintzen kontatu nahi nituen gauza gehiago zeudela, zeharkatzen ninduten zenbait gauza ulertzeko beharra nuela oraindik ere. Horretarako idazten dudala uste baitut: ulertzeko. Eta erabaki nuen beste narrazio bilduma bat idatziko nuela: Ardi galduak (izenburua probisionala da).
Bekara aurkeztutako proposamenean zehaztu nuen zazpi ipuinez osatutako bilduma bat idatziko nuela, eta nire asmoa da ipuin bakoitzean emakume baten bizitza pusketa bat kontatzea. Gure bizimodu eder bezain eroan noraezean dabiltzan zenbait emakumeren bizipenak, eta hauen bizirauteko mekanismoak, jasotzen eta ulertzen saiatuko naiz; begirada behar den lekuan jartzen. Printzipioz, ez da egongo ardatz sekuentzialik ipuinen artean, baina istorio bakoitzaren atzean daudenak elkarrekin josi ezkero bizitza bakarra saretu dezakete: heriotza, maitasuna, ahalduntzea, sexua, zoriontasunaren eraikuntza, erabakiak, ongizate indibiduala eta kolektiboa, bortizkeria, kulpa, boterea, beldurra,…

Kontakizunen ardatz nagusia emakumeon errealitateetan eta gorputzetan jarriko dut, uste dudalako bertatik abiatuta egin diezaiokeela nire lanak bultza balio demokratikoei eta aurrerapen sozialaren defentsari. Feminismoak zeharkatuta, blaituta, besarkatuta, ez bada, ez dugulako aurrera egingo. Bekarako aurkeztu nuen txostenean esan nuen eta errepikatu egingo dut orain: hau proposamen bat da, hau nire buruan eraiki dudan transatlantikoa da. Ikusi beharko da errealitateak nolako ekaitzak jartzen dizkidan bidean eta zer egiteko gai naizen. Zeren eta, egia esan, estutzen duen arren, ahaztu egiten zait salbamendu-txalekoa jantzita bizi naizela, ahaztu egiten zait belauntzi arrakalatu batean nabigatzen dudala. Hain da ederra ozeanoa.
