Ze inporta du

Asteazken goizetako errutinari jarraitu diot gaur: umeak ikastolan utzi, itsasoari begirako mahaiak dituen kafetegira joan eta ordenagailua zabaldu. Asteroko iritzi artikulua idazteko unea da. Batzuetan garbi izaten dut zeri buruz aritu; astebetean, azkena idatzi nuenetik, egoten da barruan klik edo krak egiten didan gertakari, hizketaldi edo irudiren bat. Badira noraezean iristen ditudan asteazkenak ere; eta, horrelakoetan egin ohi dudan moduan, emergentzietarako gaien zerrendara jo dut.

Idatzi nezake haurren eskolaz kanpoko ekintza kopuruaz; egun osoa ikastetxean eman ondoren, bideratutako ekintzetan igarotzen duten ordu kopuru estratosferikoaz; edo ingeles eskola eta bestelako ekintza ezinbestekoez. Idatzi nezake, ondorioz, seme-alabekin konpartitzen dugun denbora apurraz. Baina ze inporta du horrek Israelek gutxienez 700 palestinar hil baditu 24 orduan.

Irudia: Mohammed Saber /EFE

Idatzi nezake euskal zinemagintzaz, egin denaz, egiteko dagoenaz, diru-publikoz babesten denaz eta babestu beharko litzatekeenaz. Idatzi nezake euskarazko fikzioaren egoera lotsagarriaz, Primeran plataformaren on eta gabeziez, edota estreinatutako azken telesailari buruz. Baina ze inporta du fikzioak urriaren 7tik hona Israelek 5.000 palestinar baino gehiago hil eta 15.000tik gora zauritu baditu.

Idatzi nezake hezkuntzako grebaz eta zenbait aldarrik sortzen dizkidaten kontraesanez; edo gizarte geroz eta indibidualistagoak borroka kolektiboari egiten dion kalteaz; edo irakasle gehiegiren euskara gaitasunaz. Idatzi nezake irakurri dudan azken liburuari buruz, ikusi dudan azken filmari buruz edo irakurle taldean entzundako gai interesgarrien inguruan. Idatzi nezake alboan eserita dudan emakume helduak sentitzen duen bakardadeaz esan berri duenaz; edo, urria amaiera izanda ere, kafetegiko terrazan itsasoari begira dagoen turista kopuruaz.

Baina ze inporta du iritzi artikulu honek Israelek palestinarrak akabatzen jarraituko badu gaur, bihar eta etzi.

Utzi iruzkina

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close