BERRIA EGUNKARIA.

Osteguna oraindik. Kikara kafez eta esnez bete eta mikrouhin labean sartu du. Deskafeinatua hartzen du normalean, baina oporretatik itzuli eta lanean daramatzan hiru egunetan kafeina ematen ari zaio gorputzari. Multibitaminiko bat erosi behar duela apuntatu du agendan, goizean goizeko Zoom bileraren eta ondorengo lan saioaren artean. Udaberriak jipoituko balu bezala sentitzen da urtero garai honetan; udaberriak, eta baita irailetik bizi duen erritmo frenetikoak ere. Uste zuen opor egunetan behar bezala deskantsatuz gero, moldatuko zela bitaminarik gabe; baina aukera hori zientzia fikzioa iruditzen zaio orain.
Nekeak arrastaka ibili zen opor aurreko azken asteetan, ordenagailu eramangarriaz gain, harriz beteriko bizkar-zorroa eramango balu bezala hara-hona; Itzuliko txirrindulariak Izuako pareta igotzean nola, helmuga bertan, oporrak hortxe, baina ezin iritsi. Igeri edo ito. Igeri. Eta eutsi. Oporretan izango baitzituen ederki deskantsatzeko bost egun. Bere burua behartu behar izan zuen etxe inguruan geratzera, ez Berlin, ez Praga, ezta Pirinioak ere: paseatu, lo egin, irakurri eta lagunekin terrazatxoren batean zerbait hartu lasai-lasai; horixe bere neurriko errezeta.
Koilararekin azukrea kafetan nahasten duen bitartean, bere buruari galdetzen dio oporretako bost egun horietako zeinetan galdu ote zuen perspektiba, kaleko zein zirrikitutan erori zitzaion deskantsua. Ukalondoa mahaiari eta burua eskuari emanda, hasperen egin du. Joan, ibili, jan, edan, gastatu, dantzatu, erosi, korrika egin, egin, egin eta egin. Ekintzak soilik balioko balu bezala bizitzeko, kontenplaziozko aditzetarako denborarik gabe. Dena jendez lepo, dena gainezka. Gu hara eta besteak hona. Turismoak turismoa jan arte, norberaren herrian bazkaltzeko leku bat bilatzea maratoi bihurtzeraino. Zer eta joan zena baino nekatuago itzultzeko oporretatik. Agendako orriak aurrera pasa ahala, udarako oporrak iristeko falta diren asteak zenbatu ditu.
