Xuharren erditzea (2016-3-7)

KONTAKIZUNA.

“Nerea, hortxe daukazu Xuhar, hartu”

Ez dut gogoratzen hitz horiek Josunek edo Clarak esan zizkidan. Inoiz ahaztuko ez dudana, ordea, da nola behera begiratu eta bertan ikusi nueneko unea, eta nola atera nuen uretatik eta begiratu zidan begietara. Eta ezta ere, nire bikoteari begiratu eta nola sentitu nuen elkarrekin edozertarako gai izango ginela beti, bat ginelako.

Nire bigarren haurdunaldia izan da hau, eta aurrenekoan ospitalean esperientzia txarrik ez izan arren, bai sentitu izan dut beti ez nintzela izan nire erditzearen jabe. Horregatik, eta beste semea honetan guztiz integratua sentitzea nahi nuelako, jarri ginen harremanetan Magalerekin. Haurdunaldia primeran joan zen aurrera eta beraiek harreta paregabea eman ziguten.

40. astera iritsi ginen, eta baita 41.nera ere… Egunero uzkurdura ez mingarriak sentitzen nituen arren, erditzea ez zen martxan jartzen. Desesperatzen hasiak ginen, gure etxeko erditzea ezin gauzatzearen beldurrak geroz eta handiagoak ziren. Eta puntu horretan Clara eta Josuneren gertutasuna ezinbestekoa izan zen guretzat. Xuharrek bere momentua erabakia zuela eta etorriko zela transmititu ziguten etengabe. Beregan sinisten lagundu ziguten, haurdunaldi bukaeraz topera disfrutatuz (Argazkiak, tripa margoketak, txokolatadak…)!!!

Eta iritsi zen eguna, gaueko 11ak aldera uzkurdura batek min pixkat eman zidan, handik hamar minututara beste batek eta hirugarrengoaren ondoren urak apurtu nituen. Banekien une gogor eta intentsuak zetozkidala aurretik baino zoriontsu sentitzen nitzen, aspaldiko irrifarrerik zabalena eskaini genion elkarri Imanolek eta biok. Emaginekin hitz egin eta, beraiek gomendatu bezala, dutxa lasai bat hartzera sartu nintzen komunera. Bertan nengoela ordea, uzkurdurak nahiko maiz edukitzen ari nintzelaz ohartu nintzen, erlojuari begira jarri eta horixe baietz! Hiru minuturo gertatzen ari ziren!! Berriro Josuneri deitu eta berehala gurerantz abiatuko zirela esan ziguten, bai beraiek eta baita Edurne ere (beste semearen ardura hartu behar baitzuen erditzeak irauten zuen bitartean).

Dilatazioa oso azkarra izan zen, bi ordu ingurukoa, eta oso intentsoa. Uzkurdura eta uzkurdura artean deskantsu hartzeko denborarik ez nuela iruditzen zitzaidan eta hemen ere ezinbestekoa izan zen Imanol, Klara eta Josuneren lana. Izugarri babestuta sentitu nintzen uneoro eta horrek aurrera jarraitzeko segurtasuna eman zidan beti.

Bat-batean, kontrakzio baten ondoren, Xuhar pelbiaren barrena nola jaisten zen sentitu nuen. Akuaparkeko txirrista batetik bota balitz bezela… iruditzen zitzaidan atera egin behar zitzaidala. “Badator, badator!!” esaten hasi nintzen, eta pixkat blokeatuta sentitu nintzen, zer egin ez nekiela. Berriro ere, emaginen proposamen batekin lortu nuen aurrera egitea eta oraindik erdizka beteta zegoen igerileku txikian sartu nintzen. Bertan, belauniko eta Imanoli besarkatuta nengoela, 3 edo 4 uzkurduraren laguntzarekin Xuhar kanpoan zen, gurekin. Eta juxtu, une horretan, ordurarte lo egon zen beste semetxoa azaldu zen pasiloan barrena, bizitza berri horrek deituta bezala eta ongi etorriaren parte izateko asmotan.

Ondorengo orduak ederrak izan ziren baita, gure etxeko sofan, goxo, maite nituen pertsonez inguratuta eta nere buruaz oso harro. Zilborresteko taupadak gelditu arte itxaron genuen Imanolek hau moztu aurretik eta plazentari behar zuen denbora eman genion atera eta erditzea guztiz bukatutzat eman arte.

Goizeko 6ak aldera agurtu ziren Clara eta Josune eta gu ohera erretiratu ginen, gure ohera, elkarrekin.

Hitzik gabe geratzen naiz eskerrak emateko momentua sentitzen dudan honetan, ezin azaldu guzti hau bizitzeko aukera emanagatik eta egindako lan bikainagatik sentitzen dudan esker ona. Zoragarriak zarete neskak eta zoragarria izan da bizipena.

Mila mila esker Clara eta Josune, Xuhar, Andoni, Imanol eta Nerearen partez!

Utzi iruzkina

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close